Pentsamenduaren historian eta garapenaren praktikan, zenbait unetan bat egin dute segurtasun eta garapeneko nazioarteko agendek. 90eko hamarkadan, onartu egin zen azpigarapenak eta pobreziak gerrak eragiten dituztela eta, beraz, garapen politikek bake eta segurtasun globala lortzen lagun dezaketela; Irailaren 11az geroztik, berriz, nazioarteko eszenatoki berria sortu zen. Eszenatoki berri horretan, garapenaren helburuak gero eta baldintzatuago daude emaileen segurtasun eta estrategia arloko helburu jakin batzuetara, esate baterako, “izuaren aurkako gerra globala”.
Talde tematiko honen helburua segurtasunaren eta garapenaren arteko gaur eguneko konbergentzia fenomenoaren berezitasunak aztertzea da, garapenerako eta pobreziaren aurkako borrokarako nazioarteko helburuak lortzeko dituen inplikazioak ulertzeko asmoz. Kontuan hartuta maila globalean indarkeriak izandako hazkundearen ondorioz garapen agenda atzerantz egiten ari dela, batez ere Hegoaldeko herrialdeetan, talde tematiko honen bigarren helburua da tokian tokiko mailatik maila globalera indarkeria eta gatazka armatuak saihesten, horien ondorio negatiboak txikiagotzen eta pertsonengan eta beraien ongizatean zentratuago dagoen segurtasun globaleko kontzeptua eraikitzen ahalegintzen diren gizarte zibilaren proposamenak eta esperientziak biltzea.
|