Aurkezpena
Hegoa Institutuaren ustez, garapenerako hezkuntza (GH) tresna abantailatsua da banakako eta taldeko hainbat balio eta jarrera nabarmentzeko eta, era berean, errealitateari buruzko ezagutza kritikoa lortzeko. Horretarako, hezkuntza-arloetan eta -instituzioetan lan egin behar da. Lan-arlo honetan, bereziki bultzatzen da irakasleen eta hezitzaileen prestakuntza eta sentsibilizazioa, eta, orobat, ikastetxeetan lan egiteko programak abian jartzea, eta materialak, baliabide pedagogikoak eta gida didaktikoak prestatzea.
Zer da garapenerako hezkuntza?
Garapenerako hezkuntza etengabe aldatzen ari den hezkuntza-mota bat da, eta hezkuntzako proposamenak biltzen ditu, ezinbestekotzat jotzen dituelako munduan dagoen desoreka ulertzeko, pertsonaren prestakuntza etikoa lortzeko, eta konpromisoa izateko bidezko giza garapen zuzena lortze aldera gizartea eraldatzeko prozesuarekin.
Garapenerako hezkuntzak ez ditu soilik txirotutako herrialdeak aztertzen, egunerokotasuna, gure ingurunea, eta Ipar eta Hegoak duten elkarrekiko mendekotasuna ere lantzen baititu. Hortaz, bada, era kritikoan irakurtzen ditu gure garapen-ereduetan nagusi diren balioak, errealitateari buruzko pentsamendu konplexua bultzatu nahi du, eta pertsonak eta taldeak gaitu nahi ditu mendekotasunetik askatzeko ekintzetan aritu daitezen.
Garapenerako hezkuntzak hainbat hamarkadatako ibilbidea du egina, eta, bitarte horretan, bere ikuspegia aldatu eta aberastu du, erantzunak eman edo galdera berriak egin nahi baititu, lehiakideek duten ereduaren –hau da, globalizazio neoliberalak proposatutako paradigma nagusiaren– hautabidea izan daitekeen giza garapena lortzeko nola hezi behar den jakite aldera.
Ikuspegi horri jarraiki, hauek dira garapenerako hezkuntzaren helburu orokorrak:
- Laguntza ematea geure bizitzen eta munduko beste toki batzuetako pertsonen bizitzen artean dauden harremanak ulertzeko.
- Pobreziaren arrazoiak eta Ipar eta Hegoaren arteko desoreken arrazoiak ulertzeko aukera emango diguten gakoak adieraztea.
- Pertsonei eta taldeei tresna kognitiboak, afektiboak eta jarrerazkoak ematea, errealitatea modu onuragarrian eraldatzen parte har dezaten.
- Ikuspegi globalak erabiliz lan egitea, generoko ikuspegia, kultura artekotasuna, ingurumena, bakea eta giza eskubideak barne hartuta, errealitatearen ulermen holistikoa lortzeko.
- Giza garapen iraunkorra bultzatzea, pertsonei dagozkien hiru mailatan: gizabanakoaren mailan, erkidegoko edo tokiko mailan, eta nazioartean.
Lan-koadernoak 19: Educación para el Desarrollo: El espacio olvidado de la cooperación.
| Kontaktua |
|
