Gure lanaren egituraketa
Hegoaren helburu orokorra pentsamendu kritiko batetik giza garapenerako eta nazioarteko lankidetzarako paradigma, modelo eta estrategiak sortzea, proposatzea, eragitea eta aplikatzea da.
Hain zuzen ere, ikuspegi hau kontuan harturik eta Institutu Unibertsitario Mixtoaren izaera oinarritzat harturik (elkarte sozial moduan eta euskal Unibertsitate publikoko institutu moduan), Hegoak bere lana sail desberdinetan egituratzen du. Modu honetan, ikerketa eta ekintza esparruak lotzen ditu paradigma berrien bilaketan.
Ikerketa
Ikerketa sailaren lana, giza garapenaren kontzeptuaren dimentsio eta aldagai desberdinen analisian oinarritzen da, eta baita erreferentzia-marko honetan (horien artean nazioarteko lankidetza) erabil daitezkeen tresna eta estrategietan ere. Helburu orokorra ordezko modelo berrien eraketan parte hartzea izango litzateke. Horretarako, Hegoan inskribaturik dauden irakasle eta ikerlariek zuzendutako ikerketa talde desberdinak daude (batzuk egonkorrak direnak eta besteak modu zehatzagoan lan egiten dutena). Irakasle eta ikerlari hauek, beste unibertsitate zein erakunde sozialekin parte hartzen dute ikerketa sareetan. Gainera, talde hauek guztiak euren lana Ikerketa Batzordean koordinatzen dute. Prozesu honen emaitzak liburu, lan koaderno, tesi, ikerketa zehatzak eta abarren argitalpen eta difusioak dira.
Prestakuntza
Unibertsitateko prestakuntza programek giza garapenaren inguruko ulermen eta bere errealitatearen analisi gaurkotuak egitea dute helburu. Modu honetan, bidezkoagoa den gizarte batera gerturatuko gaituen eraldaketa prozesuen proposamenak garatzeko bidea emango luke. Horretarako, honako programa hauek eskaintzen dira:
- Garapenari buruzko ikasketen doktoretza programa.
- Globalizazioa eta Garapena. Master ofiziala.
- Nazioarteko lankidetza eta Garapena. Master ofiziala.
- Garapen lankidetzarako estrategiak, agenteak eta politikak. On line masterra.
- Giza garapenaren dimentsio zehatzen inguruko ikastaro monografikoak.
Dokumentazioa
Prestakuntza zein ikerketako edozein prozesutan ezinbesteko baldintza da informazioa eskuragarri izatea. Hau honela izanik, Hegoan, giza garapen eta nazioarteko lankidetzan espezializaturik dagoen Dokumentazio Zentroa dago. Dokumentazio Zentro hau teknologia berrietara egokitua dago eta ikaskuntza eta ikerketarako Baliabide Zentro bihurtzea du helburu.
Honakoak dira eskaintzen dituen zerbitzuak:
- Hegoako web orritik liburutegi digitalera sarbidea izatea.
- Aldizkari tematiko digitalen edizioa.
- Hemeroteka eta erreferentziazko lanen inguruan onlineko kontsultak.
- Arreta pertsonalizatua, OPAC irakurketa gelan eta erreprografia zerbitzuan.
- Liburu eta dokumentuen maileguak.
Garapenerako Hezkuntza eta Sentsibilizazioa
Bidezkoagoa den gizarte baten bilaketak dimentsio global eta holistiko bat hartzen du bere gain. Modu horretan, Iparraldeko eta Hegoaldeko lurraldeak aldaketa prozesuetako parte-hartzaileak gara, nahiz eta lurralde bakoitzak erantzukizun historiko desberdina izan. Hau honela izanik, Iparraldeko lurraldeek euren garapen ereduaren inguruan hausnarketa egin beharko lukete eta baita bere parte-hartze historikoa aztertu ere, eraldaketa sistemiko bat lortu ahal izateko. Zentzu horretan, euskal gizartean eragitea, lankidetza eraldatzaile bat lortzeko ezinbesteko lana dela uste du Hegoak. Lan hau bi logika osagarri hauen pean bideratzen da:
- Garapenerako hezkuntza: hiritar kontzeptuaren ikuspegi berriak sortzeko, eta irakasle eta hezitzaileen prestakuntza eta sentsibilizazioaren bidez eta baita ikastetxeetako lanetara zuzentzen diren programa espezifikoen bidez, balore eta jarrera pertsonaletan eragiteko tresna baliagarri moduan ulertzen da garapenerako hezkuntza.
- Sentsibilizazioa eta eragin politikoa: gure gizartea, gizarte kritiko bat izateko eremu moduan ikusten dira biak. Gainera, Iparraldeko eta Hegoaldeko gizarte-eragileen arteko lotura ahalbidetzen dute.
Aholkularitza
Hegoaren izaera mistoak paradigma, modelo eta estrategia berriak ikertzeaz gain, ikerketetarako input moduan erabil daitezkeen ekimen erakusgarri berriak martxan jartzeko aukera ematen du.
Hau honela izanik, aholkularitza saila helburu honetan zentratzen da, giza garapen lokalean oinarritzen diren lankidetza esperientzia berriak garatuz.
Gainera, helburu espezifiko moduan, sail honek instituzio publikoen inguruko intzidentzia lanak ere egiten ditu euren planteamendu eta politiken izaera eraldatzailea indartzeko aholkularitza zehatzak proposatuz.
